IDK Euskotren Zamorara joango da, bihar Quesos El Pastorri aurre egiteko
Asteazkenean, Araskiren aurkako derbian garaipena lortu ondoren, Azu Muguruzaren taldeak etxetik kanpo bolada onarekin jarraitu nahi du. Asteazkeneko partidan ikus daiteke taldearen defentsak hobera egin duela, entrenatzaileak partidaren ondoren esan bezala: “Taldearen jokoa oso ona izan da, bai erasoan, bai defentan, ezin izan dugu 40 minutuz mantendu, baina defentsa-mailari askoz hobeto eutsi diogu”.
Aurrez aurre Quesos El Pastor egongo da. 15. posizioan daude eta Movistar Estudiantesen aurka erortzetik datoz. Azuk arerioa baloratzen zuen, “Gaur egun taulan behean egon arren, partidu onak jokatu ditu eta asteazkeneko porrotaren ondoren etxean oso indartsu irten nahiko dutela pentsatzen dugu”. Entrenatzaileak garaipena lortzeko giltzarriak non izango diren ere nabarmendu ditu: “Zonan asko defendatzen ari den taldea da; orduan, erasoa izango da gakoa, partidara egokitzeko gai izan, gure kanpoko jokalariak ondo asmatuta egotea eta beti taldearen indarguneak gelditzea”.