EU - ES

Denboraldi bat gehiago jarraituko du Ellen Nystromek IDK Gipuzkoan

Suediarrak IDK Gipuzkoako elastikoa jantziko du datorren denboraldian
IDK Gipuzkoak eta Ellen Nystromek beste denboraldi batez elkarrekin jarraituko dute, eta bigarren denboraldiz jarraian izango da suediarra Azu Muguruzaren esanetara. Aurtengoa izan du Nystromek profesional gisa bere lehen denboraldia, eta suediako selekzioaren deialdian izan da birritan. Horrela, suediarrarekin batera ariko dira datorren denboraldian IDK Gipuzkoan Lara Gonzalez, Iva Brkic eta Lyndra Weaver.
Ellen Nystromek ere IDK Gipuzkoaren elastikoa jantziko du 2018/19 denboraldian Lara Gonzalez, Lyndra Weaver eta Iva Brkicekin batera. Oraingoz lau dira beren kontratua berritu, eta bigarren urtez jarraian Azu Muguruzaren aginduetara izango direnak. Estatu Batuetako Unibertsitateetako esperientzia amaituta heldu zen iragan udan Donostiara, eta bere profesional mailako lehen urtean jokalari garrantzitsua izan da. Horregatik, partida guztietan parte hartu du, DIA Ligako 26etan, Erreginaren Kopako bi partidatan, eta azkenik Play Offetako hiru partidatan. Bataz beste 22 minutuz izan da zelaian, 5,4 puntu saskiratuz, eta 3,6 errebote hartuz.
Nystromek gainera, bere selekzioko deialdian sartzea lortu du birritan. Aurten izan ditugun FIBAko asteburuetan izan da, nahiz eta bere parte-hartzea mugatua izan den, jokalari moduan hazten ari den seinalea da. Hainbat postuetan jokatzeko duen gaitasuna ere baliatu du Muguruzak, izan ere, bai barrutik zein kanpotik jokatzeko abilezia erakutsi du, hein batean bere fisikoari esker. Aurtengoan, defentsa izan da bere indargunea, izan ere bere intentsitateari esker, taldeari lagundu dio arlo horretan. Erasoan, aldiz, bere parte-hartzea zuhurra izan da, jaurtiketetan portzentai onak izan arren.
Nystromen kontratuaren berritzearekin, 2018/19 denboraldirako IDK Gipuzkoak lau jokalari ditu gaurkoz. Antolatzaile postuan jarraituko dute Lara Gonzalezek eta Iva Brkicek, kanpokaldean Ellen Nystrom ariko da, eta barrutik, aldiz, Lyndra Weaver.

más / gehiago