EU - ES

IDK Gipuzkoak ezin izan du Lointek Gernika Bizkaiaren portzentaiekin

Azu Muguruzaren taldeak Euskal Kopako finalerdietan XX-XXeko emaitzarekin galdu du bizkaitarren aurka

Durangoko Landako Kiroldegian jokatzen da emakumezkoen Euskal Kopa asteburuan. IDK Gipuzkoak bigarren finalerdian jokatu du Lointek Gernika Bizkaiaren aurka. Gaurko porrotaren ondoren, Azu Mugurzaren taldeak bihar hirugarren eta laugarren postuarengatik jokatuko du, gipuzkoarren arteko derbia izango da, lehen finalerdian Añares Rioja ISBk ezin izan baitu RPK Araski menderatu.

IDK Gipuzkoak ongi ekin dio partidari, eta Lyndra Weaverren saskiratzeei esker, partidan sartuta izan da taldea. Amerikarrak bost puntu saskiratu ditu lehen lau minutuetan.  Kanpoko jaurtiketetan ordea ez da fin aritu taldea, bai aldiz talde bizkaitarra, eta taldean egindako aldaketekin, Mario Lopezen taldeak bost puntuko abantaila erdietsi du markagailuan. Azken minutuetan taldeak ez du amore eman, eta Lara Gonzalezek saskiratutako lau puntuei esker, eta Ellen Nystromen biei esker, IDK Gipuzkoak markagailuan aurretik amaitu du lehen laurdena (11-13).

Bigarren laurdenean, bizkaitarrek eroso ekin diote zelaian. Lehen minutu berdintsu batzuen ondoren, taldeak 10-0eko partziala jaso du, eta horri esker markagailuan tartea handitu dute bizkaitarrek. Lararen barneraketa bati esker eten du bolada txarra taldeak, baina azkenean Weaverren lau punturi esker, atsedenaldira hiru puntuz behetik heltzea lortu du Azuren taldeak (26-23).

Bigarren laurden hasieran, gernikarrek fin jarraitu dute saskira begira, eta defentsan ezinezkoa izan da portzentai horiek murriztea. Gainera, bizkaitarrek zonakako defentsa ezarri dute, eta taldeari zailtasunak eman dizkio barneko jokoarekin jokatzen jarraitzeko. Izan ere, bi estatubatuarrak izan dira jokoan taldearen pisua eraman dutena, eta hau ekidin nahi izan du Lopezen defentsak. Horrela, azken laurdena hasi aurretik, hamalau puntuko abantaila zuten bizkaitarrek (52-38).

Azken laurdena ongi hasi bada ere, Maria Erauncetamurgilen saskiratze batekin, Lopezen neskek erritmo altuarekin jarraitzen zuten, eta berehala partida apurtzea lortu dute. Baloia berreskuratu eta kontraerasoan irtetea, hori izan da bizkaitarren jokoaren gakoa lehen minutuetan partida erabat apurtzeko.

Bihar, IDK Gipuzkoak Euskal Koparen hirugarren eta laugarren postuarengatik lehian ariko da Añares Rioja ISBren aurka. Azpeitiarrek lehen finalerdian ezin izan dute RPK Araski menderatu, eta 82-71ko emaitzarekin galdu dute. Partida goizeko 09:45etan izango da Landako Kiroldegian (Durango), eta aldiz, finala 12:00etan, RPK Araski eta Lointek Gernika Bizkaiaren artean, ETB 1 bidez ikusi ahal izango dena.

Partidako fitxa

Lointek Gernika Bizkaia: 71 (11-15-26-19)
Ariztimuño (12), Vanderwal (8), Dietrick (4), Berezhysnka (20) eta Pascua (2) – Hasierako bostekoa- Diez (0), Alberdi (2), Molina (4) eta Gwathmey (19).

IDK Gipuzkoa:  48 (13-10- 15-10)
Brkic (2), Iparragirre (0), Aduriz (2), Weaver (16) eta Vionise (10) – Hasierako bostekoa – Erauncetamurgil (8), Gonzalez (8), Olabarria (0) eta Nystrom (2).

Epaileak:
Juan Carlos Garcia, Javi Bravo eta Aitor Gomez, ez dute jokalaririk egotzi.

Partidako estatistikak hurrengo estekean dituzue

más / gehiago