Taldeak bihar bidaiatuko du, hemezortzigarren jardunaldian atzeratutako partida jokatzeko
IDK Gipuzkoak bihar jokatuko du hemezortzigarren jardunaldian atzeratu zen partida Embutidos Pajariel Bembibre PDMren aurka. Azu Muguruzaren nesken garaipen batek, sailkapeneko bosgarren posturaino igoko luke talde donostiarra, Play Offetarako bere aurkariak direnak baino garaipen bat gehiagorekin. Taldeak bihar lehen ordun ekingo dio bidaiari, 20:30etan Bembibre Arenan jokatzeko.
DIA Ligak ez du atsedenik, eta aste honetan, IDK Gipuzkoak bi partida jokatuko dite. Lehenengoa bihar izango da, atzeratutako partida, hain zuzen ere. Bere garaian Bembibre Arena okupatua zegoen, eta ezinezkoa izan zen partida jokatzea, horregatik bihar jokatuko da. Horrela, Azu Muguruzaren neskek atzeratutako partida jokatu, eta sailkapenean gainontzeko aurkarien pare egongo da, jokatutako partidei dagokionez.
Larunbateko porrotaren ondoren, IDK Gipuzkoa sailkapeneko zazpigarren postuan da, seigarren eta bosgarren sailkatuak diren Cadi La Seu eta Lointek Gernika Bizkaiarekin berdindurik. Horregatik, bihar garaipena lortzeak bosgarren posturainoko jauzia emango lioke talde donostiarrari, liga amaitzeko hiru partidaren faltan.
Halere, partida ez da erraza izango, izan ere joaneko partidan Embutidos Pajariel Bembibrek bere denboraldiko lehen garaipena Gaskan erdietsi zuen. Bosgarren jardunaldian izan zen, eta bertan jasan zuen IDK Gipuzkoak denboraldiko lehen porrota. 58-64 nagusitu ziren kanpotarrak, hein batean hirugarren laurdeneko lanari esker. Horregatik, Bembibre ez da partida erraza, beti izan baita talde lehiakorra.
Taldeari dagokionez, Azu Muguruzaren neskek atzo arratsaldean egin zuten lehen entrenamendua, eta orduan ikusi ahal izan zuen taldearen egoera larunbateko porrotaren ondoren. “Orain egingo dugu lehen entrenamendua, eta orduan ikusiko dugu nola dagoen taldea derbiko porrotaren ondoren. Orain, mentalki prestatu behar dugu, hemendik aurrera geratzen diren partida guztiak finala bailitzan prestatuz, eta beraz, ez dela nahikoa 15 minutuz jokatzea, partidako 40 minutuetan izan behar dugu lehiakorrak”, aipatu du entrenatzaileak entrenamenduaren aurretik. Gainera, entrenatzailea jakitun da denboraldi amaieran direla, eta horrek ere zailtasunak eman ohi dituela, nekea medio. “Jokalari baten batek esan digo nekatua dagoela”, onartu du Muguruzak.
Partidaren inguruan, bere “garrantzia” azpimarratu du Muguruzak. “Gainontzekoek baino partida bat gehiago dugu, eta hori baliatu behar dugu, izan ere garaipena lortzeak Play Offetara sailkatzeko aukerak nabarmen handituko zaizkigu”, esan du entrenatzaileak. Gainera, aurkaria ere nola ariko den zehazki ez jakiteak, ezinegona sortzen dio Muguruzari. “Ez dute ezer jokoan, eta horrelako taldeek bi jarrera ezberdin izan ohi dute. Batetik ezer ez jokoan izatearen presio ezak, lasai jokatzea ahalbideratzen baitei, baina bestalde, gehiegizko lasaitasuna ere garesti ordaintzen da. Ikusiko dugu zein jokaera duen bihar Bembibrek”, onartu du Muguruzak.
Jokalariei dagokionez, joaneko partidan Urbaniak izan zen jokalaririk aipagarriena, 23 puntu eta 12 errebote hartuz. Rakovic eta Brown ere izan ziren jokalari garrantzitsuak, hurrenez-hurren 11 eta 10 puntu saskiratuta. Biharko partidan ez da ariko Quin Urbaniak, Iulene Olabarria gure kapitainaren antzera, belauneko zorigaiztoko lesioa izan zuen, eta denboraldia amaitu du. Haren hutsunea betetzen saiatzen da Gustavsson barneko jokoan, baina kanpoaldetik Brownek garrantzi gehiago hartu du.